Astelehenetik aurrera irekita izango da berriro Ekindar azpeitiarren energia kooperatibaren Goikokale 2ko bulegoa. Bazkide egin nahi duenak ekindar.eus webgunean edo bulegoan eska dezake bere kalkulu pertsonalizatua.
Ekindarreko bazkidetza kanpaina aurrera doa. Dagoeneko 450 bazkide inguru ditu Ekindarrek; baina beste 100 bat familiarentzat ere lekua dago. Horregatik, azken bazkide horiek lortzeko helburuz, astelehenetik aurrera, bi astez, irekita izango da Goikokale 2 zenbakiko bulegoa, herritarrei bazkidetzaren inguruko xehetasunak azaldu eta tramitazioan laguntzeko. Bulegoa, astelehenetik ostiralera goizero izango da irekita 10:00etatik 13:00etara bitartean. Arratsaldez, berriz, astelehen eta asteazkenetan irekiko da 16:00etik 18:30etara. Bazkide egin nahi dutenek bulegoaren bitartez edo internet bitartez www.ekindar.eus webgunean eskatu dezakete txosten pertsonalizatua.
Hiru astean bete zen hasierako bazkide kupoa
Martxoaren erdialdean ireki zen bazkidetza kanpaina eta lehen hiru astetan, jada, 450 bazkidek egina zuten bere diru ekarpena. Baina, 450 bazkide horien bataz besteko kontsumo maila aurreikusitakoa baino txikiagoa denez, herritar gehiagok izango dute bazkide egiteko aukera. Hala, aurreikuspen berrien arabera, beste 100 bat familientzako lekua egon daiteke eta interesa dutenek datozen bi asteetan izango dute horretarako aukera.
Bulegoa irekiz, maiatza bukatu bitartean falta diren bazkideak lortu nahi dira. Horretarako, interesa dutenek beren kalkulo pertsonalizatua eska dezakete www.ekindar.eus webgunean edo bulegoan bertan.