Martxoaren 16an hasi zuen bazkidetza kanpaina Ekindar Azpeitiarron Energia Kooperatibak herritarrek beraiek sortutako KM0-ko energia etxean kontsumitzeko helburuarekin. Bazkidetza kanpaina bi hilabetez luzatzea aurreikusten zen, baina hiru astean, dagoeneko 600 familia inguruk hasi dute bazkide izateko prozesua; hau da, bazkide izateko kalkulu pertsonalalizatua eskatuta dute. Beraz, bazkidetza kanpainan ere aurreikuspen guztiak hautsi dituzte herritarrek eta proiektuaren sustatzeaileak “oso gustura eta eskertuta” daude herritarrek “emandako erantzunarekin eta proiektuak piztu duen interes eta jaso duen babesarekin”.
Beraz, mometuz, ostiralera arte izango da bulegoa irekita. Oraindik bazkidetza prozesuan interesa dutenek izena emateko aukera izango dute www.ekindar.eus webgunearen bidez. Interesa agertzen duten horiek, hasiera batean, erreserbarako zerrendan izango dira, prozesua hasia duten 600 horien erantzunak jaso eta gehiagorentzat lekurik badagoen argitu bitartean. Prozesua hasia dutenek bazkidetzako ordainketa egiteko azken eguna apirilaren 25a izango dute. Ordurako ordaindu ez duenak bazkide egiteko asmorik ez duela ulertuko da. Momentuz kanpoan gelditzen diren interesatuei, izen emate hurrenkeraren arabera emango zaie bazkidetza prozesua hasteko aukera, lekurik bada.
Hasierako aurreikuspenen arabera 450 bazkide inguruk parte hartzeko aukera zuten eguzki plaken proiektuan, Bazkidetza prozedura hasi dutenen batezbesteko kontsumo maila ikusita,ordea, 610 inguru bazkiderentzako lekua egongo dela aurreikusten da.
Kontratu sinaketak, apirilaren 27 eta 28an
Bazkidetza kanpainako lehen hiru asteetan, 600 azpeitiarrek hasi dute bazkidetza prozedura, eta erdiak baino gehiagok dagoeneko ordainketara arteko pauso guztiak emanda dituzte eta kontratuak sinatzea bakarrik falta zaie. Kontratu sinaketak apirilaren 27 eta 28an egingo dira Azoka Plazako lehen solairuan 10:00etan, 15:00etan eta 19:00etan.